XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pauso erren bat bezala.

Behin eta berriz nota faltso batekin insistitzen duen hots metalikoa, kanpai musika arritmikoa, espiral sonoro batetan errepikatzen delako seinale edo konstatazio bakar bezala agertzen da: Hamaika hots metaliko galduek, kariloi musika hamaika aldiz errepetitzen dela adierazten dute.

Begiak hertsirik mantentzen ditut oraindik eta zihur asko aspaldidanik argi zuri betea ez ikustearren betazalak bi behatz puntekin zakatzen ditudalako pundu argitsuz osatutako sistima luminoso bat ikusten dut orain.

Aspaldidanik ordua seinalatuko lukeen karilonaren ondorengo kanpai hotsaren esperoan.

Esperoan, aspaldidanik esperoan.

Baina halako batetan, hil da, joan da, isildu da, galdu da karilonaren azken notak utzi duen bibrazioa resonanzia luzeagoa duen hots faltsoaren oihartzun metalikoarekin batera.

Agian gela betetzen duen argi zuri pastosoak, hots oro irentsi du, eta horregatik ezin dezaket deus ere gehiago entzun.

Parre egiten dut eta ez dut neure parraren oihartzunik jasotzen belarrietan.